Skip to content
Hasiera » Ez gaitezela erotu

Ez gaitezela erotu

Energia gaiek gure egunerokoa hartu dute. Inoiz ez bezala esatera ausartuko nintzateke. Informazio asko dugu egunerokoan, prezioak kW orduko egunero duten igoera, merkatu librean nola kalkulatzen den MW prezioa orduko, etxeetan zein diru laguntza jasoko ote ditugun. Eta betikoa da informazioa jasotzea, beti da ona baina batzuetan informazio gehiegizko horretan apurtxo bat ere galtzen garela ezin uka. Eta galduta gaudenean erabakiak ondo hartzea kostatzen da.

Zer egin? Nola egin? Zein enpresekin? Nola merketu etxeko faktura? Nola parte hartu kolektiboki onura ekar dezaketen ekimenetan? Tokiko energia komunitateak, haize errotak, itsasoko energia, …

NAZERTEKek ez du erantzun osorik galdera guzti hauentzat. Egoera bakoitzak eskatzen baitu erantzun ezberdin bat. Ez da berdina bi lagunen etxe batean kontsumitzen dena, lau lagunen etxe batean kontsumitutakoa edo enpresa batena. Eta enpresaren zereginak kontsumo elektriko intentsiboa eskatzen badu zer esanik ez. Beraz, lehenik eta behin zein errealitateri aurre egin nahi zaion finkatu beharko dugu.

Gure errealitatea dena dela, funtsean aztertu beharreko lehen galdera ea ondo kontsumitzen dudan izango da. Zenbat kW orduko behar ditut etxean hilero. Eta behin horiek ezagututa, ea etxean leiho bereziak ote ditudan beroa gordetzeko edo leiho zahar eta kaxkarren bidez barruko beroak ihes egiten ote didan. Agian ez baitugu arazoa elektrizitatea pagatzen dugun prezioarekin baizik eta eletrizitate horri eskatzen diogun etekinarekin.

Ikusi beharreko bigarren elementua energiarengatik ordaintzen dugun prezioa izango da. Merkatua liberalizatu zenetik, enpresa merkaturatzaile ezberdinekin egin ditugu kontratuak, prezio konpetentzia egon da. Orain kobratzen diguten prezioa errebisatzeko tenorea da. Konpainiari deitu eta kW orduko kantitateagatik galdetzea. Askotan deitzen diegu, prezio jeitsiera bat eskatu eta zuzenean aplikatzen digute. Batez ere beste konpainia batekin joateko mehatxua azaltzen badugu.

Inbertsioren bat egitea pentsatzen badugu, etxeko bonbilak ledsekoak jartzea era egin beharko dugu. Ez digu inbertsio handirik suposatuko baina fakturan elektrizitateagatik ordaintzen duguna arinduko digu.

Ondoren lehen bi aldagaiak lotuta, pentsatu ahal dugu ea nola egin dezakegun guk energia sortzen hasteko. Horretarako kontsumoa ondo neurtu beharko dugu, eta beharren araberako instalazio bat ezarri ahalko dugu. Noski instalazio egoki batek ez gaitu merkaturatzaile batekin harremana izateko obligazioaz libratuko baina inbertsioa egin ahal dugu eta plaka fotoboltaikoen bidez gure etxeko energia guk sortu. Horrela zati bat aurreztuko dugu, inbertsioaren itzuleraren epe jakin batean emango baita. Egun indarrean dauden diru laguntzek inbertsio horren errentagarritasuna azkartzen lagunduko digu.

Hausnarketa hau, indibidualtasunean egin beharrean, egin ahal dugu ere modu kolektiboan. Egun badira enpresa merkaturatzaileak kooperatiba bezala funtzionatzen dutenak eta eredu parte hartzaileak eraikitzen dituztenak. Honela, egitura handiago baten parte sentitu ahal izango gara ere, informazioa jasoko dugu, errealitatea hobe ulertzen ikasiko dugu, etab.

Beraz, informazioa ondo xehetu dezagun, bereiz ditzagun ondo zerk duen lotura gure egunerokoarekin eta erabaki dezagun zer egin, zerbait egin behar badugu.

Oiartzunen 2022ko urriaren 17an